2009/11/26

OHEAN antzezlana Torrezabalen!!

Abenduaren 11n, 21:00etan Maskarada konpainiaren "OHEAN" antzezlana izango da Torrezabalen. Prezioa 6 eurokoa izango da, baina taldean joaten bagara prezio murriztua izango dugu, 4,5 eurokoa.
Sinopsia:
Taberna batean elkar ezagutu eta handik ordu batzuetara, gizon batek eta emakume batek gela hartzen dute hotel merke batean sexu gau bat pasatzeko elkarrekin. Ez dakite ezer elkarren gainean, ezta bestearen izena ere, eta egun horren ostean ez dute berriro elkar ikusiko. Sexuaren ostean arrotz bi hauek ohartzen dira halako kimika bat sortu dela haien artean. Berbetan hasten dira eta, berez-berez, euren iragan eta intimitaterako ateak zabaltzen dizkiote elkarri. Euren kontakizunetan oroitzapenak eta ametsak tartekatzen dira, gezurrak eta egiak, gurariak eta beldurrak, zintzotasuna eta traizioa, maitasuna eta gorrotoa. Gauean barrena nahastuz doa dena.
Itxura ederra dauka, eta gainera, neguan kalean den hotza kontuan hartuta, plan polita izan daiteke.
Libre joateko aukera beti daukazue. Oraingo honetan animatu eta danok elkarrekin joan gaitezke. Bide batez, prezio murriztua gozatu ahalko duzue.
Gurekin harremanetan jartzeko deitu 94 456 41 19 telefonora, edo idatzi galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.
Anima zaitezte!!!

BERRIA %50 MERKEAGO mintzaparaktika partaideentzat!


Mintzapraktika egitasmoetako partaidea bazara (mintzalaguna, berbalaguna, mintzakidea…) AEK-k BERRIArekin duen akordioari esker, asteburuetan zure kioskoan %50 merkeago jaso dezakezu egunkaria.


Horretarako zure datuak hemen bete eta kioskoaren izena eta helbidea idatzi. Datuok konprobatzeko jarri zein egitasmotan parte hartzen duzun.

TXALAPARTA IKASTAROA!!!


Urtarrilean txalaparta jotzen ikasteari ekingo diogu! Barandiaran aek euskaltegian elkartuko gara, ostiraletan, ziurrenik 18:00ak aldera, Euskal Herriaren erakusgarri den txalaparta jotzen ikasteko.

Musika tresna berezia denez, taldea oso murriztua behar du izan; beraz, plaza mugatuak egongo dira. Animatzen bazarete ahalik eta lasterren eman izena, bestela leku barik gera zaitezkete eta.

Informazio gehiago izateko edota izena emateko deitu 94 456 41 19 telefonora, edo idatzi galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.

2009/11/25

AUTOMAKILAJE IKASTAROA DEBALDE!!!


Joan zaitezte ordu libreak hartzen abenduaren 11 eta 18an, ostiralez, automakilaje ikastaroak izango baititugu debalde. Bertan aurpegia zaindu, gure aurpegiari ondo datorkion makilajea, eta makilatzeko teknikak eta moduak ikasiko baititugu.

Bi egunetan egingo da ikastaroa:

Abenduaren 11n, goizeko 9:30ean, EGUNEKO makilajea landuko dugu. Eguzki izpien pean polit eta lirain egon ahal izateko.

Abenduaren 18an, goizeko 9:30ean, berriz, GAUEKO makilajea landuko da. Parranda, afari... eta horietara guztietara nor baino dotorago joan ahal izateko.

Ez ezazu aukera gal! Hori bai, leku mugatuak daude, beraz, eman ezazu izena ahalik eta arinen.

Izena emateko deitu 94 456 41 19 edo bidali emaila galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.

ABENDUAREN 4an DURANGOKO AZOKARA!!


Urtero bezalaxe, abenduko zubi zoragarri honetan, Durangon diska eta liburuen azoka ospatuko da. Bertan azka bera ez ezik, beste hainbat ekitaldi ere egongo da.

Azoka larunbatean hasiko da berez, baina ostiralean, taldeentzak zabalik egongo da. Berbalagunok bertara hurbilduko gara, beraz, animatu eta etor zaitez gurekin. Azoka ikusi, durangotik bueltatxoa egin, pintxoren bat jan indarrak hartzeko... eta, noski, ederto pasatu.
Momentuz ez dugu hitzordua zehaztu, baina joan pentsatzen... Ahalik eta lasterren esango dizuegu non geratuko garen, nola eta zein ordutan joango garen... Horrela denak batera joan ahal izateko.

Ez ezazu aukera hau gal! Etor zaitez gurekin!

AINTZINAKO EGIPTO


Urtero bezalaxe "Planeta Basauri"-k herri eta kultura bat ekarri du aurtengoan ere Basauriko herrira. Aurtengoan Egiptoren txanda izan da. Arizko dorretxean aintzinako Egiptoren inguruko hainbat eta hainbat gauza ikusi eta entzun ahal izango ditugu.

Bertara edozein momentutan hurbil zaitezkete! Baina bisita gidatua euskaraz jaso nahi baduzue etor zaitete gurekin ostiral honetan, azaroaren 27an, goizeko 10:00etan.

Bertan erakusketan dagoenaren inguruko azalpentxoa euskaraz jasoko dugu. Informazio gehiago jaso nahi baduzu, edo gurekin etortzera animatzen bazara, deitu 94 456 41 19 telefonora edo bidali emaila hona .

2009/11/20

MASAJE METAMORFIKOA

Hainbat lagun bildu gara masaje metamorfikoa zer zen jakin nahian... eta praktikak eraginda jakin izan dugu. Pertsonok , izaera fisiko, psikiko, etereo eta energetikoa dugu. Energia gara eta energiak mugiarazten gaitu. Baina energia hori blokeatuta badago (hainbat gauza medio direla), gure gorputz fisikoa horren erantzule izaten da. Askotan gaixotuz ematen digu erantzuna.
Masaje metamorfikoak energia blokeo horiek desegiteko balio digu. Elkarri masaje sinple eta gozo batek zenbat onura ekar ditzakeen ikusi dugu gaur goizean.

Hainbat azalpenen ostean masajeak egiteari ekin diogu.


Baina ezin dizuet dena kontatu. Hala ere. lasai! Gehiagotan egingo dugu eta.


Batzuei burua eragin badizu honek, hurbildu eta hurrengo saiora etorri.