galdakaoko berbalagun: 2007/01 - 2007/02

2007/01/31

Dabilen harriari odoldirik ez

iritzia 
Hona hemen gure berbalagun batek aurkezpenean botatako hitz politak:

DABILEN HARRIARI ODOLDIRIK EZ

“Harri erabiliak ez du goroldiorik izaten”, dino Gotzon Garatek bildutako gure atsotitz zahar batek.

Erabiliaren erabiliaz, eta ekinaren ekinaz hobetuten doguz gizakiok be gure gaitasunak hainbat arlotan.

Halan, harri-jasotzailea, plazara urten orduko, harria altxetan ibiliko da astean hiru edo lau aldiz.

Bardin aizkolaria aizkoreagaz.

Galdakao moduko hiri bateko urbanita egin garenok, gure gorputza zainduteko beharra asmau orduko, hor goaz gimnasio batera edo kolesterol arrutak deitutako bideetan zehar: Bekeatik aurrera Lekubasorantza, zein Urretatik gora Arantzileko presarantza.

Badaukaguz eduki be horretarako Galdakaon, polikiroldegiak, dantzan trebatuteko taldeak, gimnasioak, uger egiteko lekuak, eta gainerakoak.

Eta euskereagaz zer gertatuten jaku? Ez al dogu ikusten geure burua euskeraz trebatu, landu eta erabili beharrean?

Hainbat euskaldun bizi gara Galdakaon estatistiken arabera: 11.000 inguru. Eta horrezaz ganera 6.000 ia-euskaldun. Guztira 17.000 inguru ei gara euskeraz egiten, gutxi edo gehiago, dakigunok, Galadakaon.

Badira, gugaz batera, 11.000 erdaldun be, euskerarik ez dakienak.

Horretara danok gara erdaldun, 28.000. Danok egiten dogu erdaraz, eta bakarrik batzuk, batzuetan, egingo dogu euskeraz.

Arazoak daukaguz euskera erabilteko: kalean, lanean, denda eta tabernetan, erakundeetan, udaletxean bertan, baina baita be, lagun artean eta familia barruetan.

Eta erabilteko arazo hori ez da euskeraz egitea debekauta dagoela. Xabier Amurizak oraintsu esan dauen legez, ez dago dagoeneko debekauta euskeraz egitea. Hori bai gure ohitura eta abegikortasunari jarraituz, nahikoa da inguruan baten bat erderaz hastea, euskaldunok be erdaraz egiteko. Eta apurka apurka, ohituraren indarraz, betiko euskaldunon artean be erderaz egingo dogu gero eta sarriago.

Geldirik eta gerizpetan dagoen harriari odoldia egiten jakon moduan. Geldirik dagoen gorputzari giharreak ahulduten jakozan moduan. Erabilten ez dogun euskerea, ahuldu, indargetu, kaskartu, ugertu, gaixotu, eta galdu egiten jaku.

Eta euskerea gatxa, zaila, dalako mitoa zabalduten dogu ahoz-aho. Izan be, zelan ez jaku izango gatxa erabilten ez dogun hizkuntza!

KEPA ATUTXA (BERBALAGUNEKO PARTAIDEA)

2007/01/25

Herri aurkezpenera agertutako jendea

iritzia 
Abenduaren 15ean egin genuen aurkezpena, plaza gorrian ipini zuten karpatxo batean. Hotza zegoen ikusten denez, baina giroa, ezin hobea izan zen. Ezkerretara Gotzon Lobera eta eskubira Kepa Atutxa.


2007/01/22

Aurkezpena

iritzia 
argazkian ezkerretik eskubira: Kepa Atutxa (berbalaguneko kidea), Gotzon Lobera (Bizkaiko Foru Aldundiko euskara sustatzeko zuzendaria), Joseba Escribano (Galdakaoko alkatea), Katixa Larrazabal (Galdakaoko Berbalaguneko dinamizatzailea) eta Edorta López (Euskadiko Berbalagun egitasmoaren koordinatzailea).

Taldeekin gelditzeko tokiak

iritzia 
Astearteetan, 19:00etan Urki Tabernan elkartzen diren Berbalagunak ditugu. Talde 'popurri' honetan herri ezberdinetako lagunak elkartzen dira, Bilbo, Basauri, Igorre, Usansolo eta Galdakao besteak beste.

Astearteean 17:30ean AEK euskaltegian gure euskal jantzi politak josten dituzten gure joskileak elkartzen dira astero. Ederto ibiltzen dira orratza eta haria esku artean dutela hitz eta pitz euskaraz.

Asteazkenetan 11:30etan "GURE TOKI"tabernan elkartzen diren neska saltseroak. Mendi eta ibilaldietarako beti prest.

Ostegunetan 21:00etan"Gambrinus"en elkartzen den taldea beti alai eta kirolaren alde.

Ostegunetan 18:00etan "New Pakaber"en elkartzen den taldea. Gehienak euskara ikasleak dira eta gero eta hobeto aritzen dira.

Ostegunetan 20:30ean Zurrut tabernan gure talderik gazteena elkartzen da.

Ostiraletan 20:00etan, hamabost egunerik behin, Zurrut tabernatik hasita, BERBAPOTEO TALDEA ibiltzen da herriko hainbat tabernetatik mingaina euskararen doinuaz astinduz. Giro euskaldun ederra egoten da eta asteburuaren ateetan aritzen direnez...

IZENA EMATEKO:
Talde hauetan parte hartu nahi baduzu edo beste talde berri bat sortu:
1- Deitu telefono honetara: 94 456 4119
2- Mezu bat bidali: galdakao_berba@aek.org
3- Galdetu euskaltegietan

ZER DA BERBALAGUN?

iritzia 
Zer da BERBALAGUN?

Euskarak gaur egunean Galdakaon duen egoera ikusita, eta batez ere euskaraz dakigunok edo ikasten gabiltzanok berba egiteko ditugun aukera murritzak kontuan hartuta, BERBALAGUN egitasmoa abian jarri dugu, eta helburuak argi dauzkagu; alde batetik, Galdakaoko euskaldunok elkar ezagutzea eta bestetik, hitz egiteko aukera gehiago sortzea.


Nork antolatu du BERBALAGUN?

Galdakaoko Udal Euskara Zerbitzua, Udal Euskaltegia eta Galdakaoko AEK Euskaltegia eragileak dira. Partaide guztion helburua Galdakaoko gainontzeko talde, elkarte eta gizabanakoekin elkarlanean hastea da, euskararen normalkuntza prozesuan denon ahalegina eta ekarpenak beharrezkoak baitira.

Norentzat da BERBALAGUN?

Euskara ikaslearentzat: Euskaltegian bazaude edo egon bazara, baina ez baduzu norekin hitz egin hemen duzu aukera.
Euskaldunarentzat: Normalean gazteleraz egin arren euskaraz gehiagotan egin gura baduzu, hemen duzu aukera.
Euskara ez dakienarentzat: Kultur Agendaren bitartez euskarak dituen baliabideekin gozatzeko, hemen duzu aukera.

Egitasmoaren bitartez Galdakaoko euskaldunekin harremanetan jartzeko aukera izango duzu