galdakaoko berbalagun: 2009/11 - 2009/12

2009/11/30

EUSKARAREN EGUNA! BILBON EUSKARAZ BIZI!

Euskalgintzako eta kulturgintzako zenbait eragilek deituta, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Bilboko kaleetan.

Bada garaia egun hau berreskuratu eta, harrera instituzional hutsetan geratu barik, bilbotarrak eta bizkaitarrok kalera irten gaitezen gure hizkuntzaren eguna behar bezala aldarrikatzera eta gozatzera.

Horretarako hemen doakizue egun horretarako egitaraua:

18:00etan Plaza Barrian, umeentzako jolasak, puzgarriak...

19:00etan Zazpi kaleetan barrera, fanfarreak, trikitilariak, albokariak...

20:00etan Plaza Barrian, Gaztedi dantza taldea, Andres Urrutiaren eskutik Euskaltzaindiko egoitzatik EUSKARAREN PREGOIA, bertsolariak, abesbatza...

Animatu eta etorri gurekin, ondo pasatuko dugu eta. Bide batez euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu.

2009/11/26

OHEAN antzezlana Torrezabalen!!

Abenduaren 11n, 21:00etan Maskarada konpainiaren "OHEAN" antzezlana izango da Torrezabalen. Prezioa 6 eurokoa izango da, baina taldean joaten bagara prezio murriztua izango dugu, 4,5 eurokoa.
Sinopsia:
Taberna batean elkar ezagutu eta handik ordu batzuetara, gizon batek eta emakume batek gela hartzen dute hotel merke batean sexu gau bat pasatzeko elkarrekin. Ez dakite ezer elkarren gainean, ezta bestearen izena ere, eta egun horren ostean ez dute berriro elkar ikusiko. Sexuaren ostean arrotz bi hauek ohartzen dira halako kimika bat sortu dela haien artean. Berbetan hasten dira eta, berez-berez, euren iragan eta intimitaterako ateak zabaltzen dizkiote elkarri. Euren kontakizunetan oroitzapenak eta ametsak tartekatzen dira, gezurrak eta egiak, gurariak eta beldurrak, zintzotasuna eta traizioa, maitasuna eta gorrotoa. Gauean barrena nahastuz doa dena.
Itxura ederra dauka, eta gainera, neguan kalean den hotza kontuan hartuta, plan polita izan daiteke.
Libre joateko aukera beti daukazue. Oraingo honetan animatu eta danok elkarrekin joan gaitezke. Bide batez, prezio murriztua gozatu ahalko duzue.
Gurekin harremanetan jartzeko deitu 94 456 41 19 telefonora, edo idatzi galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.
Anima zaitezte!!!

BERRIA %50 MERKEAGO mintzaparaktika partaideentzat!


Mintzapraktika egitasmoetako partaidea bazara (mintzalaguna, berbalaguna, mintzakidea…) AEK-k BERRIArekin duen akordioari esker, asteburuetan zure kioskoan %50 merkeago jaso dezakezu egunkaria.


Horretarako zure datuak hemen bete eta kioskoaren izena eta helbidea idatzi. Datuok konprobatzeko jarri zein egitasmotan parte hartzen duzun.

TXALAPARTA IKASTAROA!!!


Urtarrilean txalaparta jotzen ikasteari ekingo diogu! Barandiaran aek euskaltegian elkartuko gara, ostiraletan, ziurrenik 18:00ak aldera, Euskal Herriaren erakusgarri den txalaparta jotzen ikasteko.

Musika tresna berezia denez, taldea oso murriztua behar du izan; beraz, plaza mugatuak egongo dira. Animatzen bazarete ahalik eta lasterren eman izena, bestela leku barik gera zaitezkete eta.

Informazio gehiago izateko edota izena emateko deitu 94 456 41 19 telefonora, edo idatzi galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.

2009/11/25

AUTOMAKILAJE IKASTAROA DEBALDE!!!


Joan zaitezte ordu libreak hartzen abenduaren 11 eta 18an, ostiralez, automakilaje ikastaroak izango baititugu debalde. Bertan aurpegia zaindu, gure aurpegiari ondo datorkion makilajea, eta makilatzeko teknikak eta moduak ikasiko baititugu.

Bi egunetan egingo da ikastaroa:

Abenduaren 11n, goizeko 9:30ean, EGUNEKO makilajea landuko dugu. Eguzki izpien pean polit eta lirain egon ahal izateko.

Abenduaren 18an, goizeko 9:30ean, berriz, GAUEKO makilajea landuko da. Parranda, afari... eta horietara guztietara nor baino dotorago joan ahal izateko.

Ez ezazu aukera gal! Hori bai, leku mugatuak daude, beraz, eman ezazu izena ahalik eta arinen.

Izena emateko deitu 94 456 41 19 edo bidali emaila galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.

ABENDUAREN 4an DURANGOKO AZOKARA!!


Urtero bezalaxe, abenduko zubi zoragarri honetan, Durangon diska eta liburuen azoka ospatuko da. Bertan azka bera ez ezik, beste hainbat ekitaldi ere egongo da.

Azoka larunbatean hasiko da berez, baina ostiralean, taldeentzak zabalik egongo da. Berbalagunok bertara hurbilduko gara, beraz, animatu eta etor zaitez gurekin. Azoka ikusi, durangotik bueltatxoa egin, pintxoren bat jan indarrak hartzeko... eta, noski, ederto pasatu.
Momentuz ez dugu hitzordua zehaztu, baina joan pentsatzen... Ahalik eta lasterren esango dizuegu non geratuko garen, nola eta zein ordutan joango garen... Horrela denak batera joan ahal izateko.

Ez ezazu aukera hau gal! Etor zaitez gurekin!

AINTZINAKO EGIPTO


Urtero bezalaxe "Planeta Basauri"-k herri eta kultura bat ekarri du aurtengoan ere Basauriko herrira. Aurtengoan Egiptoren txanda izan da. Arizko dorretxean aintzinako Egiptoren inguruko hainbat eta hainbat gauza ikusi eta entzun ahal izango ditugu.

Bertara edozein momentutan hurbil zaitezkete! Baina bisita gidatua euskaraz jaso nahi baduzue etor zaitete gurekin ostiral honetan, azaroaren 27an, goizeko 10:00etan.

Bertan erakusketan dagoenaren inguruko azalpentxoa euskaraz jasoko dugu. Informazio gehiago jaso nahi baduzu, edo gurekin etortzera animatzen bazara, deitu 94 456 41 19 telefonora edo bidali emaila hona .

2009/11/20

MASAJE METAMORFIKOA

Hainbat lagun bildu gara masaje metamorfikoa zer zen jakin nahian... eta praktikak eraginda jakin izan dugu. Pertsonok , izaera fisiko, psikiko, etereo eta energetikoa dugu. Energia gara eta energiak mugiarazten gaitu. Baina energia hori blokeatuta badago (hainbat gauza medio direla), gure gorputz fisikoa horren erantzule izaten da. Askotan gaixotuz ematen digu erantzuna.
Masaje metamorfikoak energia blokeo horiek desegiteko balio digu. Elkarri masaje sinple eta gozo batek zenbat onura ekar ditzakeen ikusi dugu gaur goizean.

Hainbat azalpenen ostean masajeak egiteari ekin diogu.


Baina ezin dizuet dena kontatu. Hala ere. lasai! Gehiagotan egingo dugu eta.


Batzuei burua eragin badizu honek, hurbildu eta hurrengo saiora etorri.

2009/11/05

EUSKAL DANTZA IKASTAROA


Abenduan hasi eta ikasturtea bukatu arte, ekaina arte, ostiralero dantzan ikasi nahi baduzu, hemen duzu euskaraz egiteko aukera paregabea.

Ostiraletan arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara Galdakaoko Barandiaran AEK euskaltegian dantza ikastaroa izango da.

Ikastaroan izena emateko: AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia, 94 456 41 19 telefonoa edota galdakao_berba@aek.org helbide elektronikoa.

Ikastaroaren prezioa 50 eurokoa izango da.

Animo! Etorri gurekin! Ederto pasatuko dugu!

TRIKI-POTEO EUSKALDUNA


Datorren asteko ostiralean, azaroak 13, triki-poteo euskalduna egingo dugu. Trikitixa, panderoa eta beste musika instrumenturen bat ere entzun ahal izango dugu Galdakaoko kaleetan zehar.

Baina poteoa hasi baino lehen, indarrak hartzeko, meriendatxoa egingo dugu Galdakaoko Barandiaran euskaltegian. Bertara zuek guztiok gerturatzea espero dugu. Hori bai, gerturzteko asmorik duzuenoi gauza bat baino ez dizuegu eskatzen: merienda guztiontzako hel dadin zenbat egongo garen jakin behar dugu, beraz eman izena.

Izena emateko, beti bezala: aek euskaltegian, udal euskaltegian, 94 456 41 1 9 telefonoan edota galdakao_berba@aek.org helbide elektronikoan. Izena emateko azken eguna azaroaren 12 izango da.

Etorri gurekin!

AZAROKO GALDAKAOKO EUSKARAREN AGENDA

2009/11/03

BERBALAGUNAK ARTXANDAKO FUNIKULARREAN

Astearte honetan euskal museora joateko asmoa genuen, baina gauza batzuk direla, besteak direla... azkenean plan aldaketa egon zen. Ez pentsatu euskal museora joango ez garenik, hurrengo baten joango gara. Ez soilik euskal museora! Gure asmoa Bizkaiko hainbat eta hainbat museo eta leku berezi bisitatzea da, horien artea: euskaren etxe, arte ederretako museoa, enkarterrietakoa... eta beste asko.
Museoak alde batera utzita herriak ere ezagutzeko asmoa dugu, hainbat berbalagunek, euskaldun askoren antzera, oporrak Euskal Herritik kanpo pasatzen baitituzte etxe ondoan zer daukaten ahaztuta. Eta Euskal Herriak gauza izugarri politak ditu, bizitzan gutxienez behin bisitatu behar direnak.
Gaurkoan Artxandara joan gara, eta hona hemen gure ibilaldia:

XIX. mendearen amaiera aldean eta XX. mendearen hasieran, bilbotar asko Artxanda mendira joaten ziren egun-pasa atseden-giroan. Kasinoa eta zenbait txakolindegi zabaldu zituzten han eta jendea hara joaten zen astitsu.1901etik 1912ra bitartean Bernardo Jimenezek taxututako proiektua baloratu zen, hau da, Bilboko erdialdea eta Artxanda mendia lotuko zituen kremailera-trena. Proiektuak ez zuen aurrera egiterik izan, ez zegoen-eta nork finantzatu.
1915ean, ordea, Herri Lanetako zuzendaritzak Evaristo San Martin Garaz jaunaren proiektua onartu zuen, eta uztailaren 19an gutun bat bidali zioten gobernadore jaunari funikularra egiteko lanei oniritzia emanez, baina hobekuntza batzuk sartuta.

1915eko urriaren 7an egin zuen lehenengo bidaia, Benito Marco Gardoki jauna zela Bilboko Alkatea. Gerra zibilean Bilbok jasan zuen setioan errailak eta goiko geltokia bonbardatu zituzten. Zerbitzua etenda egon zen 1938ko uztailaren 18ra arte. Egun hartan zabaldu zen berriro, Mariano del Corral jaunaren zuzendaritzapean egindako behin-behineko konponketa batzuekin.

1915eko urriaren 7an egin zuen lehenengo bidaia, Benito Marco Gardoki jauna zela Bilboko Alkatea. Gerra zibilean Bilbok jasan zuen setioan errailak eta goiko geltokia bonbardatu zituzten. Zerbitzua etenda egon zen 1938ko uztailaren 18ra arte. Egun hartan zabaldu zen berriro, Mariano del Corral jaunaren zuzendaritzapean egindako behin-behineko konponketa batzuekin.Garai haietan, langile batek gogorarazten digunez, txartela pezetaren 60 zentimo ordainduta baserritarrek ortuariak jaisten zituzten markatuan saltzeko, motorrak konpontzeko edota bigantxak hiltegira eroateko.Zoritxarreko istripua gertatu zen 1976ko ekainaren 29an eta zerbitzua luzaro egon zen geldi. Kable eragilea aldatzean akats bat izan zen balazten euste-indarrean eta barailetan; ondorioz, bagoi bat beheko geltokirantz amildu zen lau langile barruan zituela: Jose Landa, Jose Mª Bilbao eta Juan Rekalde irten egin ziren bagoitik salto eginda; ez, ordea, Isidro Aurrekoetxea; behegainean etzanda geratu zen beheko geltokira iritsi arte; han, talka jo ondoren, atera eta Basurtuko ospitalera altxatu zuten; han egon zen harik eta zauriak sendatu arte. Zauri arinak izan zituen Julio Rodriguez sozietateko gerentea zenak ere.Zazpi urteko geldialdiaren ostean zerbitzua atzera jarri zen abian 1983an. Instalazio guztiak, hau da, errailak, bagoiak eta geltokiak berriztatu egin ziren, Rafael Pineda gerente zela. Urte hartako apirilaren 30ean zabaldu zen berriro. Goiko geltokian funikular berriaren lanak, eta zaharraren egoera erakusten duten argazkiak daude.1983a zoritxarreko urtea izan zen. Uholdeak izan ziren urte hartan Bilbon: erauntsiak, lokatza, haitzak eta abar jausi ziren beheko geltokian. Urak nasa hondatu eta bagoiak erdiraino estali zituen. Urte bereko azaroaren 4an jarri zen berriro abian zerbitzua.

Artxandara heldu eta bertatik Bilbo osoa ikusi ahal izan dugu. Azaroa izan arren, eguraldiak nahiko lagundu digu eta paseotxoa egiteko aukera polita izan dugu.

Gerra Zibilean Bilbo defendatu zuten Gudarien omenez egindako monumentoa ikusten.

Agur Artxanda! Bueltatuko gara!