galdakaoko berbalagun: 2009

2009/12/15

GALDAKAON ERE BERTSOTAN BLAI!

Abenduaren 19an, larunbata, Gabonen sarreran gaudela aprobetxatuz askari-afari ezin hobea izango dugu arratsaldeko 20:30ean. Horretarako plater egokiagorik ez eta neguko tenperatura hotz hauen aurka aritzeko salda gozo-gozoa hartuko dugu. Baina ez edozein salda.

MENUA: BERTSO SALDA

Bertso salda on bat prestatzeko errezeta:

1. Osagaiak:
- 6 bertsolari puntakoak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, An Mari Peñagarikano, Miren Amuriza, Aitor Mendiluze eta Unai Iturriaga.
- Gaijartzaile 1 : Arkaitz Estiballes
- Areto eder 1 : Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxea
- Bertso gose dagoen publikoa (neu barne)
2. Prestaketa:
- Nahasi ondo osagai guztiak eta utzi bi ordutan su lasaian egosten
3. Emaitza:
- Bertso saio bizi ta gustagarri bat disfrutatu.

Prezioa: merke-merkea ( 4 € helduak / 3€ bazkideak, gazte txareta eta ikasleak)

2009/12/01

ABENDUAREN 23an OLENTZEROREN ETXERA!

Abenduaren 23an, Olentzero bera lanean egongo dela aprobetxatuz, lanik egin behar ez dugun heldu eta umeak Olentzeroren etxera bisitatzen joango gara.

Garairik aproposena leku hau bisitatzeko, Gabon garaian guztiz murgilduta egongo baikara ordurako.

Bisita gidatua izango da goizeko 9:30ean. Baina leku mugatuak daudenez ahalik eta arinen eman izen, bestela leku barik geratuko zarete eta.

0-2 urte bitarteko umeek ez dute ezer ordaindu behar, eurentzako dohainik baita. Beste guztiek 7 euro ordaindu beharko dute.

Informazio gehiago izateko edota izena emateko deitu 94 456 41 19 telefonora, edota idatzi galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA GALDAKAO, ABENDUAK 3 eta 4

Galdakaoko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, datorren asteazkenean (abenduak 3) Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimen-programa bat antolatu du. Programa horren barruan, besteak beste, gazteentzako disko-festa bat dago, baita udal musika eskolako ikasleen ekitaldiak ere. Eskola horretako gela bereziak ere emanaldia egingo du.

Hurrengo egunean (abenduak 4) 2010eko egutegia banatzeak, Astondoa enpresak egingo duen su-festak eta Agirre lehendakariaren plazan taloa, txorizoa eta sagardoa emateak festa kutsua emango diote ospakizunari eta Gernika Folk taldeak girotuko du jaia.

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna
Diskapazitatearen Nazioarteko Eguna
Agirre lehendakariaren plaza.

18:30ean, Aurkezpen-ekitaldia
Udal musika eskolako ikasleen saioa.
Musika eskolako gela berezikoen musika-emanaldia.

19:00etan, Disko-festa
- DJ Animatzailea
- Jokoak, abestiak, batuka…

Abenduak 4, Euskararen Jaia
Agirre lehendakariaren plaza.

18:00etan, 2010eko egutegia banatuko dugu.
«Zuztarretatik ahora» egutegia emango diegu herritar guztiei, karpan.

19:00etan, Su festa, Astondoa pirotekniaren eskutik.

19:15ean, Taloa, txorizoa, solomoa, hirugiharra eta
sagardoa guztientzat.

Animazioa, Gernika Folk
udal musika eskolako trikitixa eta txistulari taldeak

Animatu! Aukera paregabea euskaraz gozatu eta bide batez euskararen normalkuntza aldarrikatzeko!

EUSKARAZ HAZI, EUSKARAZ IKASI ETA EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULAKO!!!

2009/11/30

EUSKARAREN EGUNA! BILBON EUSKARAZ BIZI!

Euskalgintzako eta kulturgintzako zenbait eragilek deituta, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Bilboko kaleetan.

Bada garaia egun hau berreskuratu eta, harrera instituzional hutsetan geratu barik, bilbotarrak eta bizkaitarrok kalera irten gaitezen gure hizkuntzaren eguna behar bezala aldarrikatzera eta gozatzera.

Horretarako hemen doakizue egun horretarako egitaraua:

18:00etan Plaza Barrian, umeentzako jolasak, puzgarriak...

19:00etan Zazpi kaleetan barrera, fanfarreak, trikitilariak, albokariak...

20:00etan Plaza Barrian, Gaztedi dantza taldea, Andres Urrutiaren eskutik Euskaltzaindiko egoitzatik EUSKARAREN PREGOIA, bertsolariak, abesbatza...

Animatu eta etorri gurekin, ondo pasatuko dugu eta. Bide batez euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu.

2009/11/26

OHEAN antzezlana Torrezabalen!!

Abenduaren 11n, 21:00etan Maskarada konpainiaren "OHEAN" antzezlana izango da Torrezabalen. Prezioa 6 eurokoa izango da, baina taldean joaten bagara prezio murriztua izango dugu, 4,5 eurokoa.
Sinopsia:
Taberna batean elkar ezagutu eta handik ordu batzuetara, gizon batek eta emakume batek gela hartzen dute hotel merke batean sexu gau bat pasatzeko elkarrekin. Ez dakite ezer elkarren gainean, ezta bestearen izena ere, eta egun horren ostean ez dute berriro elkar ikusiko. Sexuaren ostean arrotz bi hauek ohartzen dira halako kimika bat sortu dela haien artean. Berbetan hasten dira eta, berez-berez, euren iragan eta intimitaterako ateak zabaltzen dizkiote elkarri. Euren kontakizunetan oroitzapenak eta ametsak tartekatzen dira, gezurrak eta egiak, gurariak eta beldurrak, zintzotasuna eta traizioa, maitasuna eta gorrotoa. Gauean barrena nahastuz doa dena.
Itxura ederra dauka, eta gainera, neguan kalean den hotza kontuan hartuta, plan polita izan daiteke.
Libre joateko aukera beti daukazue. Oraingo honetan animatu eta danok elkarrekin joan gaitezke. Bide batez, prezio murriztua gozatu ahalko duzue.
Gurekin harremanetan jartzeko deitu 94 456 41 19 telefonora, edo idatzi galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.
Anima zaitezte!!!

BERRIA %50 MERKEAGO mintzaparaktika partaideentzat!


Mintzapraktika egitasmoetako partaidea bazara (mintzalaguna, berbalaguna, mintzakidea…) AEK-k BERRIArekin duen akordioari esker, asteburuetan zure kioskoan %50 merkeago jaso dezakezu egunkaria.


Horretarako zure datuak hemen bete eta kioskoaren izena eta helbidea idatzi. Datuok konprobatzeko jarri zein egitasmotan parte hartzen duzun.

TXALAPARTA IKASTAROA!!!


Urtarrilean txalaparta jotzen ikasteari ekingo diogu! Barandiaran aek euskaltegian elkartuko gara, ostiraletan, ziurrenik 18:00ak aldera, Euskal Herriaren erakusgarri den txalaparta jotzen ikasteko.

Musika tresna berezia denez, taldea oso murriztua behar du izan; beraz, plaza mugatuak egongo dira. Animatzen bazarete ahalik eta lasterren eman izena, bestela leku barik gera zaitezkete eta.

Informazio gehiago izateko edota izena emateko deitu 94 456 41 19 telefonora, edo idatzi galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.

2009/11/25

AUTOMAKILAJE IKASTAROA DEBALDE!!!


Joan zaitezte ordu libreak hartzen abenduaren 11 eta 18an, ostiralez, automakilaje ikastaroak izango baititugu debalde. Bertan aurpegia zaindu, gure aurpegiari ondo datorkion makilajea, eta makilatzeko teknikak eta moduak ikasiko baititugu.

Bi egunetan egingo da ikastaroa:

Abenduaren 11n, goizeko 9:30ean, EGUNEKO makilajea landuko dugu. Eguzki izpien pean polit eta lirain egon ahal izateko.

Abenduaren 18an, goizeko 9:30ean, berriz, GAUEKO makilajea landuko da. Parranda, afari... eta horietara guztietara nor baino dotorago joan ahal izateko.

Ez ezazu aukera gal! Hori bai, leku mugatuak daude, beraz, eman ezazu izena ahalik eta arinen.

Izena emateko deitu 94 456 41 19 edo bidali emaila galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.

ABENDUAREN 4an DURANGOKO AZOKARA!!


Urtero bezalaxe, abenduko zubi zoragarri honetan, Durangon diska eta liburuen azoka ospatuko da. Bertan azka bera ez ezik, beste hainbat ekitaldi ere egongo da.

Azoka larunbatean hasiko da berez, baina ostiralean, taldeentzak zabalik egongo da. Berbalagunok bertara hurbilduko gara, beraz, animatu eta etor zaitez gurekin. Azoka ikusi, durangotik bueltatxoa egin, pintxoren bat jan indarrak hartzeko... eta, noski, ederto pasatu.
Momentuz ez dugu hitzordua zehaztu, baina joan pentsatzen... Ahalik eta lasterren esango dizuegu non geratuko garen, nola eta zein ordutan joango garen... Horrela denak batera joan ahal izateko.

Ez ezazu aukera hau gal! Etor zaitez gurekin!

AINTZINAKO EGIPTO


Urtero bezalaxe "Planeta Basauri"-k herri eta kultura bat ekarri du aurtengoan ere Basauriko herrira. Aurtengoan Egiptoren txanda izan da. Arizko dorretxean aintzinako Egiptoren inguruko hainbat eta hainbat gauza ikusi eta entzun ahal izango ditugu.

Bertara edozein momentutan hurbil zaitezkete! Baina bisita gidatua euskaraz jaso nahi baduzue etor zaitete gurekin ostiral honetan, azaroaren 27an, goizeko 10:00etan.

Bertan erakusketan dagoenaren inguruko azalpentxoa euskaraz jasoko dugu. Informazio gehiago jaso nahi baduzu, edo gurekin etortzera animatzen bazara, deitu 94 456 41 19 telefonora edo bidali emaila hona .

2009/11/20

MASAJE METAMORFIKOA

Hainbat lagun bildu gara masaje metamorfikoa zer zen jakin nahian... eta praktikak eraginda jakin izan dugu. Pertsonok , izaera fisiko, psikiko, etereo eta energetikoa dugu. Energia gara eta energiak mugiarazten gaitu. Baina energia hori blokeatuta badago (hainbat gauza medio direla), gure gorputz fisikoa horren erantzule izaten da. Askotan gaixotuz ematen digu erantzuna.
Masaje metamorfikoak energia blokeo horiek desegiteko balio digu. Elkarri masaje sinple eta gozo batek zenbat onura ekar ditzakeen ikusi dugu gaur goizean.

Hainbat azalpenen ostean masajeak egiteari ekin diogu.


Baina ezin dizuet dena kontatu. Hala ere. lasai! Gehiagotan egingo dugu eta.


Batzuei burua eragin badizu honek, hurbildu eta hurrengo saiora etorri.

2009/11/05

EUSKAL DANTZA IKASTAROA


Abenduan hasi eta ikasturtea bukatu arte, ekaina arte, ostiralero dantzan ikasi nahi baduzu, hemen duzu euskaraz egiteko aukera paregabea.

Ostiraletan arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara Galdakaoko Barandiaran AEK euskaltegian dantza ikastaroa izango da.

Ikastaroan izena emateko: AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia, 94 456 41 19 telefonoa edota galdakao_berba@aek.org helbide elektronikoa.

Ikastaroaren prezioa 50 eurokoa izango da.

Animo! Etorri gurekin! Ederto pasatuko dugu!

TRIKI-POTEO EUSKALDUNA


Datorren asteko ostiralean, azaroak 13, triki-poteo euskalduna egingo dugu. Trikitixa, panderoa eta beste musika instrumenturen bat ere entzun ahal izango dugu Galdakaoko kaleetan zehar.

Baina poteoa hasi baino lehen, indarrak hartzeko, meriendatxoa egingo dugu Galdakaoko Barandiaran euskaltegian. Bertara zuek guztiok gerturatzea espero dugu. Hori bai, gerturzteko asmorik duzuenoi gauza bat baino ez dizuegu eskatzen: merienda guztiontzako hel dadin zenbat egongo garen jakin behar dugu, beraz eman izena.

Izena emateko, beti bezala: aek euskaltegian, udal euskaltegian, 94 456 41 1 9 telefonoan edota galdakao_berba@aek.org helbide elektronikoan. Izena emateko azken eguna azaroaren 12 izango da.

Etorri gurekin!

AZAROKO GALDAKAOKO EUSKARAREN AGENDA

2009/11/03

BERBALAGUNAK ARTXANDAKO FUNIKULARREAN

Astearte honetan euskal museora joateko asmoa genuen, baina gauza batzuk direla, besteak direla... azkenean plan aldaketa egon zen. Ez pentsatu euskal museora joango ez garenik, hurrengo baten joango gara. Ez soilik euskal museora! Gure asmoa Bizkaiko hainbat eta hainbat museo eta leku berezi bisitatzea da, horien artea: euskaren etxe, arte ederretako museoa, enkarterrietakoa... eta beste asko.
Museoak alde batera utzita herriak ere ezagutzeko asmoa dugu, hainbat berbalagunek, euskaldun askoren antzera, oporrak Euskal Herritik kanpo pasatzen baitituzte etxe ondoan zer daukaten ahaztuta. Eta Euskal Herriak gauza izugarri politak ditu, bizitzan gutxienez behin bisitatu behar direnak.
Gaurkoan Artxandara joan gara, eta hona hemen gure ibilaldia:

XIX. mendearen amaiera aldean eta XX. mendearen hasieran, bilbotar asko Artxanda mendira joaten ziren egun-pasa atseden-giroan. Kasinoa eta zenbait txakolindegi zabaldu zituzten han eta jendea hara joaten zen astitsu.1901etik 1912ra bitartean Bernardo Jimenezek taxututako proiektua baloratu zen, hau da, Bilboko erdialdea eta Artxanda mendia lotuko zituen kremailera-trena. Proiektuak ez zuen aurrera egiterik izan, ez zegoen-eta nork finantzatu.
1915ean, ordea, Herri Lanetako zuzendaritzak Evaristo San Martin Garaz jaunaren proiektua onartu zuen, eta uztailaren 19an gutun bat bidali zioten gobernadore jaunari funikularra egiteko lanei oniritzia emanez, baina hobekuntza batzuk sartuta.

1915eko urriaren 7an egin zuen lehenengo bidaia, Benito Marco Gardoki jauna zela Bilboko Alkatea. Gerra zibilean Bilbok jasan zuen setioan errailak eta goiko geltokia bonbardatu zituzten. Zerbitzua etenda egon zen 1938ko uztailaren 18ra arte. Egun hartan zabaldu zen berriro, Mariano del Corral jaunaren zuzendaritzapean egindako behin-behineko konponketa batzuekin.

1915eko urriaren 7an egin zuen lehenengo bidaia, Benito Marco Gardoki jauna zela Bilboko Alkatea. Gerra zibilean Bilbok jasan zuen setioan errailak eta goiko geltokia bonbardatu zituzten. Zerbitzua etenda egon zen 1938ko uztailaren 18ra arte. Egun hartan zabaldu zen berriro, Mariano del Corral jaunaren zuzendaritzapean egindako behin-behineko konponketa batzuekin.Garai haietan, langile batek gogorarazten digunez, txartela pezetaren 60 zentimo ordainduta baserritarrek ortuariak jaisten zituzten markatuan saltzeko, motorrak konpontzeko edota bigantxak hiltegira eroateko.Zoritxarreko istripua gertatu zen 1976ko ekainaren 29an eta zerbitzua luzaro egon zen geldi. Kable eragilea aldatzean akats bat izan zen balazten euste-indarrean eta barailetan; ondorioz, bagoi bat beheko geltokirantz amildu zen lau langile barruan zituela: Jose Landa, Jose Mª Bilbao eta Juan Rekalde irten egin ziren bagoitik salto eginda; ez, ordea, Isidro Aurrekoetxea; behegainean etzanda geratu zen beheko geltokira iritsi arte; han, talka jo ondoren, atera eta Basurtuko ospitalera altxatu zuten; han egon zen harik eta zauriak sendatu arte. Zauri arinak izan zituen Julio Rodriguez sozietateko gerentea zenak ere.Zazpi urteko geldialdiaren ostean zerbitzua atzera jarri zen abian 1983an. Instalazio guztiak, hau da, errailak, bagoiak eta geltokiak berriztatu egin ziren, Rafael Pineda gerente zela. Urte hartako apirilaren 30ean zabaldu zen berriro. Goiko geltokian funikular berriaren lanak, eta zaharraren egoera erakusten duten argazkiak daude.1983a zoritxarreko urtea izan zen. Uholdeak izan ziren urte hartan Bilbon: erauntsiak, lokatza, haitzak eta abar jausi ziren beheko geltokian. Urak nasa hondatu eta bagoiak erdiraino estali zituen. Urte bereko azaroaren 4an jarri zen berriro abian zerbitzua.

Artxandara heldu eta bertatik Bilbo osoa ikusi ahal izan dugu. Azaroa izan arren, eguraldiak nahiko lagundu digu eta paseotxoa egiteko aukera polita izan dugu.

Gerra Zibilean Bilbo defendatu zuten Gudarien omenez egindako monumentoa ikusten.

Agur Artxanda! Bueltatuko gara!

2009/10/29

MASAJE METAMORFIKOA

Lekua: Barandiaran Aek euskaltegia.

Data: azaroaren 16 eta 23a.

Prezioa: debalde!!!

Ikutu leun bat
Masaje metamorfikoa oin, esku eta buruan egindako ikutu leun baten datza. Bertan islatzen baita nor garen, gure oroitzapenak eta gure aukerak.

Zer da masaje metamorfiko?
"Metamorfosis" hitzak "transformazio" esan nahi du, eta hau gure energia askatutasunez ibiltzen denean ematen da. Teknika honek amaren sabelean bizitako bederatzi hilabete hoiekin konektatzen gaitu, eta gure bizitzan ditugun nahiez jabetzera eramaten gaitu.
Gizakia etengabeko tranformazioan dagoela uste duen teknika da; ondorioz, gure egoera animokoa oztopatzen duten blokeoak desagiteko kapazak garela esaten duena.
Zertarako balio du?
Pertsonen bizi-energia mugitzeko gai da, horrela arazo fisiko, mental eta emozionalak konponduz joaten dira, bakoitzarengan autosendatze gaitasuna esnarazten baita.

IZENA EMATEKO

Deitu telefono honetara: 94 456 41 19 edo idatzi email bat helbide honetara: galdakao_berba@aek.org
Epea dagoeneko irekita dago eta azaroaren 10ean itxiko da.

TALDE KULTURALA!!!


Hara non kultura, museoak... maite dituzten gure berbalagunak asteartero elkartzea erabaki duten. Talde honen xedea bai Euskal Herria, bai Euskal Herriko kultura eta museoak ezagutzea da. Horretarako asteartero elkartzea erabaki dute.

Hurrengo asteartean, azaroaren 3an, Bilboko Euskal Museoa ikusten joango. Goizeko 10:30ean geratu gara Juan Bautista Uriarteko "Laboral"aren aurrean dagoen autobus geltokian. Bisita gidatua izango da.

Museorako sarrera, gida barne, 2,5 eurokoa izango da. Bisita gidatua 40 minutukoa izango da, nahiz eta gero gauzak gure kabuz ikusteko aukera ere izango dugu.

Informazio gehiago nahi baduzu, edota gurekin etorri nahi baduzu, deitu 94 456 41 19 edo idatzi email bat galdakao_berba@aek.org helbide elektronikora.

Anima zaitez! Euskal Herria ezagutu behar dugu eta!

BERBAPOTEO TALDEA BERRIRO MARTXAN!

Bihar, urriaren 30ean, poteo taldea berriro elkartuko da Galdakaoko kaleetan zehar euskal poteo itzela egiteko. Uda, jaiak... eta hainbat kontu atzean utzi eta udazkenean sartuta ostiraletako poteotxura itzuliko gara.
Elkar berriro agurtu, elkarri udako istoriotxoak kontatu... eta jende berria ezagutu dugu! Ea aurten jende gehiago elkartzen garen!
Bide batez biharko itzordua ikasturteko hainbat kontu planeatzeko erabil dezakegu: asteburu pasak, irteerak... badakizue, pote batzuk hartu ostean ideia berri asko etortzen zaizkigu burura.
Benga koadrila! Animatu eta etorri gurekin! Ederto pasako duzu eta!

2009/10/08

BUELTATU GARA... ETA INOIZ BAINO INDARTSUAGO!!

Urriaren 5etik aurrera Berbataldeak martxan dabiltza berriro. Nahiz eta irailean zehar batzuk martxan ibili diren, data hau izan da hasiera formala markatzeko eguna. Dagoeneko aste honetan talde guztiak bildu dira. Ekainean lau talderekin bukatu genuen eta urrian dagoeneko bost talde ditugu, eta inoiz baino indartsuago eta gogotsuago. Honen irudi ostegunetan gaueko 21:00etan Gambrinus tabernan elkartzen den gure talde jatorra.

Taldeak inoiz baino jendetsuago daude, eta gu izugarri pozten gara. Aurpegi berriak , ideia berriak... Uda baino lehen ederto bukatu bagenuen, oporren ostean ederto baino edertoago hasi gara; eta hau hasiera baino ez da.
Beraz, gaur egun, 5 berbatalde ditugu Galdakaon eta honako egun, leku eta ordutegietan elkartzen dira:
ASTEARTEETAN 18:00etan URKI tabernan
ASTEAZKENETAN 11:30ean GURE LEKU tabernan
OSTEGUNETAN 18:00etan NEW PAKABER tabernan
OSTEGUNETAN 20:30ean ZURRUT tabernan
OSTEGUNEAN 21:00ean GAMBRINUS tabernan
Gainera, hurrengo egunetan, berriro jarriko dira martxan gure JOSTUNAK. Hor arituko dira, azken urteetan bezalaxe euskal jantzi tradizional zoragarriak josten. Urtero bezala jostunen ordutegia mantendu egingo da, eta honakoa izango da:
ASTEARTEETAN 18:00etan AEK-n
BerbaPOTEO taldea martxan ibiliko da oraingoan ere. Aurrekoan bezala hamabost egunerik behin elkartuko da eta herriko hainbat tabernetatik ibiliko da euskaraz poteatzen. Ostiraletan elkartuko da talde parrandazale hau eta hurrengo poteoa urriaren 15ean izango da.
Hauek dira egun dauden talde eta egutegiak, baina gehiago izatea espero dugu. Beraz badakizue, animatu eta hurbildu Berbalagunera, zure zain gaude eta!

... UDA BAINO LEHEN EDERTO BUKATU GENUEN

Eguraldi onarekin batera oporrak hartu genituen, baina ederto asko pasatu genuen aurreti. Hainbat ekintza egin genituen ekainean zehar ikasturteari bukaera emateko, horien artean San Juan bezperan egindako euskal kaimada eta asteburu barnetegia. Bietan eguraldi ederraz gozatu genuen eta euskaraz aritzeko aukera paregabea izan genuen.
San Juan bezperan aek-n elkartu ginen eta bertan kaimada gozo-gozoa dastatu genuen, Carlosek, gure berbalagun galegoak prestatutako. Konxuro eta guzti urteko gauza txarrak utzi eta berriak erakartzen saiatu ginen.


Ekainan ere, eguraldi ederrak lagunduta, Aulestira joan ginen asteburu barnetegian. Aulestiko aterpetxean ibili ginen, oso gustura ibili ere, benetan leku polita, erosoa eta euskalduna baita. Oso ongi hartu gintuzten eta herriko euskaldunak beti egon ziren gurekin hitz egiteko prest.

Bertan geundela, eta jakinda Hondarrun Zapato Azule ospatzen zela... zelan galdu horrelako aukera? Kotxeak hartu eta Hondarruraino joan ginen, batzuk arrantzale jantzi eta guzti. Egun zoragarria pasatu genuen hondarrutarren artean, eta nola ez, euskara hutsean. 2010ean bueltatuko ginela agindu genuen... beraz, hasi prestatzen!


2009/10/06

Berbalagunak berriro martxan!

Urriaren 5etik aurrera berba taldeak abian hasiko dira, nahiz eta dagoeneko batzuk martxan dabiltzan. Iazko esperientzia ona ikusita, eta euskaraz bizitzea atsegin dutenez, galdakaotar mordo batek ekimen honetan berriro parte hartzea erabaki du, eta beste askok esperientzia berri bat bizitzea erabaki dute. Hau zertan datzan ez dakitenentzat, hona hemen hainbat argibide:
*Galdakaoko Euskara Arloa, Galdakaoko Udal Euskaltegia eta Galdakaoko AEK programaren eragileak dira.
*Norentzat da BERBALAGUN?Euskara ikaslearentzat: Euskaltegian bazaude edo egon bazara, baina ez baduzu norekin hitz egin hemen duzu aukera.Euskaldunarentzat: Normalean gazteleraz egin arren euskaraz gehiagotan egin gura baduzu, hemen duzu aukera.Euskara ez dakienarentzat: Agendaren bitartez euskarak dituen baliabideekin gozatzeko, hemen duzu aukera.

*Zer eskaintzen du BERBALAGUNak?Berbalagunak: Adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta lauzpabost laguneko taldeak osatuko dira. Euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuta talde bakoitzak dinamizatzailea aukeratuko du eta denon artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu.Euskararen Agenda: Ikastaroak, txangoak, kultur ikuskizunak, kontzertuak, antzerkia, errezitaldiak, bertso saioak, diaporamak, eztabaida foroak, hitzaldiak, erakusketak..Euskaraz jendea ezagutu eta ondo pasatu gura baduzu, ez izan dudarik. Berbalaguna izan nahi duzu!! Animatzen bazara, izena eman dezakezu Galdakaoko AEKn, Udal Euskaltegian edo Euskara Sailean, bestela bidaliguzu email bat.

.

2009/06/23

SAN JUAN BEZPERA

Gaur, ekainak 23, San Jaun bezpera dugu. Urteko gaurik laburrena izango dugu gaurkoa, baina bizi-bizia izan ohi dena.

Gauza txarrak erre, gauza onei lekua egiteko. Izpiritu gaiztoak uxatuz, aro berriari ongi etorria eman. Iragana gibelean utzi, geroari indar berriz ekiteko. Solstizioa eta San Juan aitzeki, estakuru edo egokiera ona izan dira aldaketak gauzateko edo geure baitango ordenagailua zerbaitetan berrabiatzeko. San Juanen ondotik, uda sasoia dator Euskal Herrian.

Galdakaon urtero bezala egun hauek ospatuko dira . Honako hau da jarduera programa:

Ekainaren 23a:San Joan bezpera.

22:00etan. San Joan sua. Errituak eta konjuruak, sanjoanetako kantuak, haurrentzako jokoak, erromeria (Santi Brouard plazan).
22:45ean: San Joan gaua. Txalapartariak, trikitilariak, txokolatada, San Joan ura, irudi mitologikoak… Muguru zelaian.
23:00etan. Dantzaldia. Muguru zelaian.

Ekainaren 24a:San Joan

12:00etan: Haur parketa Agirre lehendakariaren plazan, puzgarriekin eta haurrentzako ludotekarekin. Parke hau arratsaldez ere irekita egongo da, 17:00etatik aurrera.
18:00etan: kalejira eta Galdakaoko dantzari txikien emanaldia. Santi Brouard plazan, Kurtzeko plazatik abiatuta.

Gu ere ez dugu gutxiago izan nahi eta gaur San Juan bezpera ospatzeko geratu gara. Arratsaldeko 19:00etan hasiko gara gure konjurotxoekin, aek euskaltegian galego baten laguntzaz "kaimada" berezitxoa egingo baitugu. Euskaraz egindako "kaimada" galdu nahi ez baduzu, etor zaitez gurekin.
Bertan edabetxua edan eta girotu ostean, herrian murgilduko gara, gau berezi honek eskeiniko dizkigun momentuez euskaraz gotzatzeko.

Animatu eta etorri gurekin!

2009/06/16

ASTEBURU BARNETEGIA


Ekainaren azken asteburuan, ekainaren 26-27-28, Galdakaoko hainbat berbalagun asteburu pasa joango gara Aulestira. Ostiral arratsaldetik igande arratsaldea arte ederto pasatzeko aukera paregabea izango dugu bertan. Ez dakienarentzako esan, Aulesti Lekeitiotik 10 minutura dagoela, eta asteburuan zehar bai mendi irteeratxoak egiteko, bai hondartzan jolasteko aukerak izango ditugula. Bertan tailertxoren bat egitea ere proposatzen dugu. Horretarako guk gure ideiak ditugu, baina besteen ideiak gustura hartuko genituzke. Anima zaitezte eta etorri gurekin!
Bertan aterpetxe batean hartuko dugu ostatu. Gaueko 20 euro izango dira (gosaria barne) eta bertara hurbiltzeko taldetxoak egingo dutugu, ahalik eta kotxe gitxien eramateko. Aulesti herri euskaldun-euskalduna da eta 24 orduz euskaraz jarduteko aukera izango dugu, agian gure herrian ezinezko egiten zaiguna. Gainera, ezagutzen ez ditugun hainbat gauza bisitatuko ditugu gure ezagutzak zabaltzeko.
Animatu eta eman izena! Izena emateko azken eguna ekainaren 22a izango da, astelehena.Izena eman nahi duenak gurekin kontaktuan jar dadila honako telefonora deituz 94 456 41 19 edota helbide elektroniko honetara galdakao_berba@aek.org emaila bidaliz!
ANIMOOO!!!!

2009/06/08

MINTZAEGUNA 09





Pasa berri den larunbatean Mintzaeguna 09 ospatu zen Gasteizen. Galdakaoko Berbalagun bertara hurbildu zen ederto pasatzeko asmoz. Eguerdian Gateizera heldu eta ongi etorri eta hamaiketako ederraren ostean, eta behin bertsolariak eta txalapartariak ikusita, indarberrituta eta pozez gainezka Gasteizko alde zaharrean zehar danok Tour Kultural txikitxo bat egiteari ekin genion. Benetan ibilbide polit eta interesgarria. Ezkontza eta guzti ikusi genuen Andra Mari Zuriaren balkoira, Zeledonen parera ailegatu ginenean. Gasteizen inguruko gauza asko ikasi ikasi genituen, baita barre algara ederreak egin ere. Hor ibili ginen berbalagun mordoa Alde Zaharreko kaleak gora eta kaleak behera, txirrindulari tropelen antzera, denak nahastuta eta jai giroan.

Azkenean bazkaltzeko ordua heldu eta ederto bazkaldu genuen. Baina horrenbeste janda, tripa beteta ezin etxera joan eta bertan hasi zen jendea dantza eta dantza. Batzuk hobeto, beste batzuk traketsago... baina denak alai-alai.
Hurrengoan ere bertan egongo dira Galdakaoko Berbalagunak, dantzak oso abilak ez gara izango, baina ondo pasatzeko gustuko daukagu. Beraz hurrengorarte! Guk beste urte bat emango dugu euskaraz jo ta fuego, mintzaeguna 10 heldu arte. Argazki gehiago ikusi nahi badituzue klikatu hemen.




BERBAPOTEO TALDEA


Gogoratu poteo taldea martxan dagoela. Bi ostiralerik behin elkartzen gara eta Galdakaoko kale eta tabernetan zehar barre algaraka ibiltzen gara. Taldekide batzuek dagoeneko izena aldatu diote gure taldetxoari, eta gure artean ere "LAGUNTEGI" esaten diogu. Zergaia jakin nahi baduzue, ez lotsatu eta hurbildu ostiral honetako poteora! Hori bai, erantzunaren bila etorriz gero galdetu gure Katalunyako neskatilari... Berak ederki kontatuko dizue eta. Beraz animatu eta gurekin primeran pasatzera etorri! Ordutegirik gabeko poteotxoa; batzuk goizago joaten dira, beste batzuk beranduago eta betikoak tabernak itxitakoan... Animo koadrila eta ostiral honetan, ekainaren 12an, hurbildu ZURRUT tabernara arratsaldeko 20:00etan. Bertan aurkituko gaituzu! Ostirala arte.

Poteo taldearen eta Berbalagunen argaki gehiago ikusi nahi badituzu egin klik hemen.

2009/05/28

IBILALDIAREKIN BAT!


Egun gutxi barru Ibilaldia izango dugu Galdakaon. Igande honetan bertan, maiatzaren 31an, gure herriko kale eta txoko guztiak inoiz baino euskaldunago somatuko ditugu. Bertan ere jende euskaldunarekin elkartu eta goiz edo egun ederra pasatzeko aukera izango dugu. Egun osoan zehar hainbat ekitaldi, bertso-saio, kontzertu eta egiteko egongo dira. Eta guri guztioi hori dana, batez ere euskaraz egiten direnak, izugarri gustatzen zaizkigunez, bertan egongo gara. Goizeko 11:00etan geratu gara Baserri tabernan, bartan ederto gosaldu eta indarberritzeko. Bertatik bertso-saioa ikustera joateko asmoa daukagu. Eta gero gerokoak... Guztion artean erabakiko dugu zer egingo dugun. Argi dagoen gauza bakarra, giro euskaldunean egun ederra pasako dugula da. Animatu eta etorri gurekin.

IBILALDIA 09ri buruzko informazio gehiago izan nahi baduzu, klikatu hemen

2009/05/19

FIELTRO TAILERRA


Tango ikastaroak huts egin digu eta bere lekua betetzeko FIELTRO TAILERRA egingo dugu biharko egunean, maiatzaren 20an. Bertan hainbat berbalagun elkartuko gara Aek euskaltegian arratsaldeko 6etan. Ederto igaroko dugu arratsaldea brotxeak, urkilak, giltzetakoak... eta beste hainbat kontu egiten. Ezin imagina dezakezue zenbat gauza egin daitezkeen fieltroagaz. Gainera askari txiki baten laguntzaz indarrak berriztuko ditugu. Animo eta etorri gurekin euskaraz mintzatzera eta primeran pasatzera.

TANGO IKASTAROA ATZERATUKO DA

Gure tango irakasle maiteak istripu txiki bat izan eta eskua bihurritu egin du. Nahiko minduta dago eta gutxienez hamabost egunerako izango du igeltsoa. Bera sendatu bezain laster Tango ikastaroari ekingo diogu!
Animo!

2009/05/15

TANGO IKASTAROA


Euskaldunok ere tangoa dantza dezakegula ikusi eta ikasiko dugu! Areto dantzak eta bereziki tangoa gustuko dituzula? Dantzan oso traketsa zarela eta hobetu nahi duzula? Edo beste barik ondo pasatu, euskaraz mintzatu eta jende berria ezagutu nahi duzula? Animatu ba! maiatzaren 20tik ekainaren 10a arte TANGOA ikasten ibiliko gara hainbat berbalagun. Zeu ez zara gutxiago izango, ezta? Asteazkenero elkartuko gara (4 egun) aek euskaltegian. Ea ikastaro bukaeran kapela, larrosa eta guzti dantzatzeko gai garen! Animo DEBALDE da eta!

2009/05/12

MINTZA EGUNA 2009


Mintza Eguna, mingaina dantzatzen dugunon eguna
Laugarrenez ospatuko da Mintza Eguna aurten, non eta Gasteizen. Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten milaka lagunei eskainitako eguna da, uda aurretik Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, antolatzen duen bilkura handia, Euskal Herri osoko Mintzalagun, Berbalagun, Solaskide, Mintzakideak elkartzeko eguna. Ekainaren 6an Gasteiz mingainak dantzatzen jarriko ditugu eta Euskal Herriko mingain dantzazaleak gonbidatuak daude.
Egitaraua:
Esan dugun bezalaxe, Mintza Egunaren laugarren edizioa Gasteizen egingo dugu,
ekainaren 6an, larunbata. Egun pasa ederra, Arabako hiriburuko txokoak eta
historia hobeto ezagutzeko, eta mingainak dantzan ere jartzeko aukera izango
dute bertaratzen direnek. Hona hemen egitarau zehatza:
§ 11:00etan: Ongi etorria eta hamaiketakoa Matxete plazan
§ 12:00etan Ibilaldi gidatua, Gasteiz ezagutzen.
§ 13:30ean Kalejira: Alde Zaharretik eta Landatxoraino.
§ 14:00etan Bazkaria Landatxon.
§ 15:30ean Sari banaketa.
§ 16:00etan
Erromeria Erdizka Lauetan taldeak gidatua.
Bazkalostean: Sari banaketa.
Aurten ere, laugarrenez, mintzapraktika egitasmoen bilakaeran parte hartze eta garrantzia berezia izan duten hainbat erakunde eta lagun sarituko ditugu. Ondoren, jakina, kantuan, dantzan eta, nola ez, mintzapraktikan ere aritzeko aukera egongo da, Erdizka Lauetan taldearekin.

2009/05/08

BADATOR IBILALDIA!

Joan zen negua, joan zen Korrika eta hemen datorkigu IBILALDIA. Guztiok jakingo duzuenez, maitzaren 31n IBILALDIA ospatuko dugu Galdakaon. Ibilaldia herriarentzat eta herriaren laguntzaz egiten den ekitaldia denez gero, IBILALDIAri gure laguntza eskaintzea ondo legoke. Bada banakako laguntza emateko aukera, baina taldean laguntzea interesgarriago iruditzen bazaizu, hurbil zaitez gugana eta danok elkarrekin indar handiagoa izatea lortuko dugu! Ibilaldiari buruzko informazio gehiago, Ibilaldia beraren orrialdean topatuko duzue: http://www.ibilaldia.com/

POTEO TALDEA MARTXAN JARRIKO DUGU!


Kaixo Berbalagunok eta oraindik Berlagun ez zareten horiek. Jakin datorren astean POTEO TALDEA martxan jarriko dugula. Ostiral arratsaldeetan ez duzula zer egin eta egin nahi duzun hori euskaraz egin nahi duzula? Animo ba! Orain baduzu aukera. Hurrengo ostiralean, maiatzaren 15ean, arratsaldeko 20etan, Zurruten hasi eta nekatu arte euskaldunen artean poteatzeko aukera izango duzue!Animo! Ederto pasatuko dugu eta!

2009/03/12

IKA, IKA, IKA... BADATOR KORRIKA!
Martxoaren 26an Korrirari hasiera emango diote Tuteran. Bertan egon nahi? Goazen danok egun pasa! Egun horretarako autobusak Bilbotik aterako dira; bata goizeko 10etan aterako da eta bestea eguerdiko 12etan. Bueltarako biek daukate ordutegi berbera hitzartuta, arratsaldeko zazpietan Tuteratik aterako gara! Informazio gehiago nahi baduzue, edota autobuserako izena eman nahi baduzu, badakizue... pasa zaitezke aek euskaltegietatik!
ONGI ETORRIak izango zarete izena ematen duzuen guztiak.
Apirilaren 5ean berriz, agur esango diogu Korrikari Gasteizen. Bertara heltzeko AEKk autobusak jarriko ditu, eskualde ezberdinetatik abiatuko direnak. Baina egun horretarako ez dago ezer zehaztuta. Gasteizera joateko asmoa baduzu, galdetu beldur barik!