galdakaoko berbalagun: 2011/03 - 2011/04

2011/03/29

Galdakaoko Korrika Kulturala

iritzia 
Apirilean sartzeko bi egun baino ez dira falta; eta Korrika hasteko zortzi baino ez, beraz adi berbalagun Galdakaoko Korrika kulturaleko agenda eskaintzaz beteta dator eta.

Korrika ez da ibilbidera mugatzen, horregatik herri guztiek korrikaren aldeko eskaintza kultural zabala daukate. Zure herrian ere ez da faltako ondo pasatzeko ekintzarik, beraz, ondo irakurri eta zabaldu herrian.

Zuen neurrira egindako egitaraua:


Apirilaren 2an:
Goiz osoan Korrikaren aldeko kuestazioa eta kale musikariak. Korrika arropa erosteko mahaia ere egongo da.

Apirilaren 8an:
19.00etan Korrikaren aldeko pilota partidua, Kurtzeko frontoian, Adiskide Pilota elkartearen eskutik.

Apirilaren 9an:
10.00-13.00, Umeentzako puzgarriak, plaza gorrian.
14.30, Herri bazkaria Muguru zelaian (euria bada, Gandasegiko arkupeetan)
Koreografia txapelketa, Euskal kantuak.
Musika-dantza poteoa.

Apirilaren 10ean:
12.30, Andra Mari Dantza Taldeak Korrikaren aldeko dantza ikuskizuna, Kurtzeko plazan.

Apirilaren 15ean:
10.00 Korrika txikia
10.30 Mezua irakurri eta Maider Legarretak zuzenean Korrika kanta abestuko du Plaza Gorrian.
11.00 Haur dantzaldia, Plaza gorrian
17.00-19.30 Buruhandiak, musikariak, txokolatada eta txistorra Plaza Gorrian Barrengorri eta Pepeto elkarteen eskutik.
21.00 KORRIKA 17 dator Galdakaora!
22.30 Kontzertua OXABI eta LOREBELTZ, Kurtzeko plazan eta bertan Korrikaren aldeko TXOSNA

2011/03/28

Asteazkeneko taldean badago bertsoloririk!

iritzia 

Hemen duzue Korrikaren aldeko kopla lehiaketako Galdakaoko lehen bertso sorta.

Koplalariak asteazkeneko taldeko zenbait lagun dira(izenik ez dugu emango, eurek hala eskatuta). Hauek dira Euskalakari baten bizitza gaiari erantzundakoa:


1. Astero joaten gara

leku berdinera

Mutilak eta neskak

ondo pasatzera


2. Gure-Toki tabernan

bihurtu gara lagun

Eta berba eginez

ere berbalagun


3. Euskaldun barri gara

eta badakigu

Euskara goratzeko

hauxe behar dugu


4. Astero etortzen gara

mingaina astintzera

Pertsona ezberdinak

hizkuntza berbera


5. Gure hizkuntza polita

ezin dugu galdu

Hargatik merezi du

guztiok bultzatu


6. Berbalagun guztiok

elkartzen bagara

Ea zenbat euskaldun

gure herrian dan...

2011/03/23

Euskalakari koplalari

iritzia 


Berbalagunok, heldu da zuen bertsolari sena
erakusteko garaia. Seguru nago zerbait ikasiko zenutela sagardotegiko giro jatorrean.


Parte hartzaileak: AEKko euskaltegietako ikasleak zein praktika egitasmoetako lagunak.

Egin beharreko lana: 6 koplaz osatutako bertsoaldi bat idatzi.

Doinua: ama begira zazu, ikusi nuenean

Gaia: Euskalakari baten eguna

Saria: Afari edo bazkari bat sagardotegi batean, bi bertsolarirekin irabazten duen talde osoarentzat.Azken eguna: Apirilak 1.Nora bidali: Helbide honetaraEpaile lanak: Bertsozale Elkartea.

Oharra: Bertsoaldia idaztea eta bidaltzearekin aski da baina bertsolaritzan doinua ere ezinbesteko osagaia denez, baina koplak abestera animatu nahi zaituztegu; beraz, grabatu eta bidali. Bideoz iristen diren bertsoaldiek puntu gehigarri bat izanen dute.


Nola egin kopla: Neurria 7,6,7,6 da. Honek esan nahi du zazpi silaba izan behar dituela lehen puntuaren lehen zatiak eta bigarrenak sei eta honen azken silabak errimatu behar du bigarren zatiaren azken silabarekin. Adibidez:

Euskaraz mintzatzeko 7
elkartu ohi gara 6
Gora berbalagunok 7
ta gora euskara 6


Orain zuen txanda da. Ekin koplei!!!

2011/03/22

2011ko Berbatxotx

iritzia 
Martxoaren 19an Galdakaoko Berbalagunok ere bat egin genuen Enkarterriko, Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Aiaraldeko berbalagunek sagardotegiarekin zuten hitzorduarekin. Argazkian agertzen ez bagara ere, ez ginen urruti ibili, horregatik utzitako aztarna gehitu diogu argazkiari. Hamaika lagun, hamaika aztarna.
PAUSOZ PAUSO gelditu barik...
11:30ean mendebalde urrunetik etorritako lagunek hartu gintuzten eta zuzenean Astigarragara, Euskal Herriko sagardoaren hiriburura, abiatu ginen.
Autobusean sartu aurretik eskulan ikastaro laburra egin genuen, gerora aldean eraman genituen euskalakari pin erraldoiak egiteko. Eskerrak egin genituela, eskualdeak identifikatzeko, kolore ezberdineko pegatinak banatu zituztelako eta lau kolore baino ez zeudenez, guk nola ez? Galdakaotik ere ikus zitekeen bereizgarria eraman genuen. Sagardotegian zergatik jarri ote ziren musikariak gure ondoan? Kanturako gogotsu geundelako eta nahiz eta bazter batean egon, gure eztarri finetik ateratako kantak bertan zeudenen gozagarri izan ziren. Dantza ikastaroan ikasitakoa ere praktikan jarri genuen, bai sagardotegian, bai Hernaniko herriko plazan. Zer pentsatuko luke gure dantza irakasleak? Seguru barre egingo zuela, baina larunbatean denok egin genuen barre. Bertsoak ere entzun genituen, nahiz eta kalitate handikoak izan ez. Bukatzeko eskerrik asko Andra Mari Dantza Taldeak antolatutako espedizioko partaideei, euren autobusean eraman gintuztelako etxera. Hain gustura geunden, ezen zortzietan bueltatu zen taldeari esan baikenion gu bertan geratuko ginela tabernaz taberna. Buelta gogorra izan zen, hala ere baten bat ez zen etxera joan autobusak utzi gintuenean. Seinale ona zalantzarik gabe...bejondeigula.

2011/03/09

Berbatxotx! Sagardotegira

iritzia 
Martxoaren 19an Galdakaoko Berbalagunok ere Astigarragako Etxeberria sagardotegira! Hainbat eskualdetako berbalagunekin joango gara egun zoragarria pasatzeko asmoz. Oraindik lau leku libre geratzen dira, beraz mugi zaitez, izena emateko azken egunetan gaude eta.

Izena emateko galdakao_berba@aek.org -era mezua bidali edo deitu 675717530 telefonora. Anima zaitez kupelak gure zain gaude eta!

KORRIKArnabala

iritzia 

Korrika apirilaren 7an, Trebiñun hasiko dela? bai, egia da, ez dugu inor nahasi nahi. Baina aurten Galdakaoko Berbalagunok, Korrika alternatiboa egin nahi izan dugu: KORRIKArnabala.
Arratsaldeko zazpietan, mozorroak prestatzeko euskaltegian geratu eta bederatzi eta erdietarako Someran bildutako jendea Goseren "pausoz pauso gelditu barik..." musikaz gozatzen hasi zen.
Korrika antolatzailearen agindupean pankartaren eta lekukoaren atzetik Euskalakari pin erraldoiak saltzen joan ginen tabernaz taberna. A ze arrakasta!
Argi geratu zen Euskal Herrian ez ezik, Mexikon eta Afrikan ere euskararen alde daudela. Elizak bi ordezkaria bidali zituen, Bengoetxea gotzaina eta AEBtik etorritako Gospel kantaria. Azeriak ez zuen borrokarako gogorik ezpata etxean utzi zuelako, baina petoa janztea ez zitzaion ahaztu. Sorgin batek bat egin zuen deialdiarekin eta pijamaz jantzita etorri zirenek ere nahikoa zalaparta sortu zuten, pijama etxean jantzita zutenen kalterako. Peluka, antifaza eta betaurreko erraldoiak petoarekin jantzi zuenik ere agertu zen "ika, ika, ika, KORRIKA" oihukatuz.
Laburbilduz, ederto batean pasatu genuen eta bide batez Korrikari lagundu genion, zer gehiago eska genezakeen?