galdakaoko berbalagun

2011/05/17

Erlaxatuta irten ginen ikastarotik bai















Maiatzaren 13an egindako erlaxazio ikastaroko argazkiak dituzue ikusgai.

Fontso berbalagunak azaldu zigun arnasa hartzeak duen garrantzia. Hasieratik, elkar ezagutzen ez genuen jendea, bikoteka jarri gintuen eta elkarri begietara zuzen begiratzeko agindu zigun.
Honek tentsio sortzen zuela nabaritu genuen eta tentsio hori askatzeko indioen pare jarri gintuen zarata ateraz borobil bat eginez bueltaka geundela. Jarraian zentzumenen garrantziaz jabetu ginen. Begiak itxita entzumena eta gero ukimena landu genituen. Bikotearen eskuak eta hauen energia sentitzeko ariketa bat egin genuen ondoren. Masajeen antzeko zerbait izan zen, eta zeinen gustora egon ginen!
Amaitzeko, hasiera batean tentsio unea sortu zigun bikotea besarkatzeko esan zigun. Oso sentsazio goxoa izan zen eta emozioak adierazteko modu bikaina.

Hurrengorako badakizue, anima zaitezte eta etorri gurekin!

2011/05/09

Erlaxazio ikastaroa

Maiatzaren 13an, Galdakaoko Berbalagunek erlaxatzen
ikasteko ikastaroa eskainiko du.

Hitzordua 10:00etan izango da Barandiaran AEK euskaltegian eta sarrera debaldekoa duzue.

Egun bateko saioa izango da, ez da astero astero geratzeko taldea. Hala ere, Berbalaguneko dinamika ezagutzeko aukera polita da.

Iaz ikastaroan parte hartu zutenak oso pozik geratu ziren, berriz egiteko gogoz. Ez galdu aukera eta etorri gurekin, lanak, ikasketek edota etxeko gorabeherek eragindako antsietateari aurre egiten ikastera.

Zita ostiral goizean izanik, baliteke jende asko lanean egotea. Zaudete lasai, oraingoan etortzerik ez duzuenoi, beste egun eta ordu bat jarriko zaizue, jende kopuru nahikoa egotekotan. Beraz, ostiral honetan etorri ezin duzuenok ere izena eman, hurrengoa antolatzen hasteko.

Izena emateko hiru aukera dituzue:
- Barandiaran AEK euskaltegira etorri
- 944 564 119 telefono zenbakira deitu
- galdakao_berba@aek.org helbidera mezua bidali

2011/05/02

Maiatzaren 8an, denok Senpererat.


Maiatzaren 8an, Seaskak urtero iparraldeko ikastolen alde antolatzen duen Herri Urrats festara joateko proposamena.

Urtero bezala Lapurdiko Senpereko aintziraren inguruan antolatuko dira ekitaldi guztiak. Aukera ugari dago egun zoragarria pasatzeko: Kontzertuak, dantzariak, bertsolariak, haurrentzako txokoa eta abarrek borobilduko dute euskal giro paregabea izango duen eguna.

Aurtengo leloak, laku bat munduan du izena eta ateratako dirua, Kanboko Xalbador kolegioan egingo diren obren finantziazioan laguntzeko erabiliko da.

Etxebarriko euskara zerbitzuak, hara joateko autobusak antolatu ditu, irteera 8:30ean udaletxe ondoko bus geltokian izango da. Txartelak erosteko deitu Etxebarriko euskara zerbitzura (94 449 50 43) edo euskaltegira (94 426 28 02).

Egun polita pasatzeko eta euskararen alde egiteko aukera bikaina daukazue igandean. Beraz, gu ere euskararen aldeko laku horretan tanta bat izan gaitezen.

2011/04/14

Badator Korrika!

Apirilak aurrera darrai eta Korrika berarekin batera.

Bihar, azkenik, Galdakaora etorriko da euskaren aldeko uholdea.Milaka dira Korrikan parte hartzen duten euskalakariak eta gu ere bertan izango gara.


Beraz, zapatilak jantzi, indarrak hartu eta 21:30ean Aperribain itxoingo diegu Etxebarriko euskalakariei. Ibilbide osoa egin nahi ez edo ezin duzuenok jakin ezazue Aperribai atzean utzi eta Bengoetxe, Urreta, Bizkai Kalea eta erdigunean barrena ibiliko garela. Azkenean Zugutzutik irten eta Basauriri emango diogu lekukoa 22:20 aldera.


Galdakaok Korrika 17ri agur esango dio, baina Korrikaren aldeko ekitaldi handia egongo da Kurtzeko plazan: Lorebeltz eta Oxabi erromeria taldearen kontzertuak. Eta zintzurra ondo freskatzeko txozna ere plazan jarriko dugu.



Animo euskalakariok, animo berbalagunok, ordua heltzeko gutxi falta da eta!

2011/03/29

Galdakaoko Korrika Kulturala

Apirilean sartzeko bi egun baino ez dira falta; eta Korrika hasteko zortzi baino ez, beraz adi berbalagun Galdakaoko Korrika kulturaleko agenda eskaintzaz beteta dator eta.

Korrika ez da ibilbidera mugatzen, horregatik herri guztiek korrikaren aldeko eskaintza kultural zabala daukate. Zure herrian ere ez da faltako ondo pasatzeko ekintzarik, beraz, ondo irakurri eta zabaldu herrian.

Zuen neurrira egindako egitaraua:


Apirilaren 2an:
Goiz osoan Korrikaren aldeko kuestazioa eta kale musikariak. Korrika arropa erosteko mahaia ere egongo da.

Apirilaren 8an:
19.00etan Korrikaren aldeko pilota partidua, Kurtzeko frontoian, Adiskide Pilota elkartearen eskutik.

Apirilaren 9an:
10.00-13.00, Umeentzako puzgarriak, plaza gorrian.
14.30, Herri bazkaria Muguru zelaian (euria bada, Gandasegiko arkupeetan)
Koreografia txapelketa, Euskal kantuak.
Musika-dantza poteoa.

Apirilaren 10ean:
12.30, Andra Mari Dantza Taldeak Korrikaren aldeko dantza ikuskizuna, Kurtzeko plazan.

Apirilaren 15ean:
10.00 Korrika txikia
10.30 Mezua irakurri eta Maider Legarretak zuzenean Korrika kanta abestuko du Plaza Gorrian.
11.00 Haur dantzaldia, Plaza gorrian
17.00-19.30 Buruhandiak, musikariak, txokolatada eta txistorra Plaza Gorrian Barrengorri eta Pepeto elkarteen eskutik.
21.00 KORRIKA 17 dator Galdakaora!
22.30 Kontzertua OXABI eta LOREBELTZ, Kurtzeko plazan eta bertan Korrikaren aldeko TXOSNA